Kimuak akziodun arduratsuaren rola jarri du erdigunean Akziodunen Eskolaren saio berri batean

Janet Sendagorta eta Lara Vettorazziren parte-hartzearekin, saioan jabetzari lotutako erantzukizunak, familia-gobernantza eta gazteek familia-enpresaren jarraipenean duten zeregina landu ziren.

Familia-enpresa bateko akziodun izatea kapitalaren zati bat edukitzea baino askoz gehiago da. Proiektua ezagutzea, jabetzari lotutako erantzukizunak ulertzea, erabakiak hartzeko prozesuan inplikatzea eta epe luzeko ikuspegia izatea izan ziren Kimua AEFAMEko gazteen taldearen Akziodunen Eskolaren saio berri batean landu genituen gaietako batzuk.

Jardunaldian, familia-enpresako akziodunaren rola bi ikuspegi osagarritatik lantzeko aukera izan genuen. Janet Sendagorta, Universo Terriako bazkide sortzaileak, Senerreko akziodun gisa bizi izan duen esperientzia pertsonala partekatu zuen, eta enpresaren zein familiaren esparruan bere rola nola bizi eta kudeatu duen azaldu zuen. Era berean, familia-enpresa baten parte izateak dakartzan erronka eta ikaskuntzak jarri zituen mahai gainean.

Bestalde, Lara Vettorazzik, EY Abogados-ekoak, ikuspegi juridikoa ekarri zuen, eta akziodunen eskubide eta betebeharretan sakontzen lagundu zigun. Era berean, familia, jabetza eta kudeaketa ondo bereiztearen garrantziaz eta familia-enpresaren jarraipena erraz dezaketen tresnez aritu zen.

Saioak belaunaldi berrientzat bereziki garrantzitsua den ideia baten inguruan hausnartzeko aukera ere eman zigun: akziodun arduratsua izateak ez du esan nahi nahitaez familia-enpresan lan egin behar denik. Jabetza arduraz gauzatzeko, enpresa ezagutu, inplikatu, dagokien erabakietan irizpidez parte hartu eta enpresa- zein familia-proiektuari epe luzeko ikuspegiz begiratu behar zaio.

Ikuspegi hori bereziki garrantzitsua da belaunaldi-erreleboetan, gaur egun edo etorkizunean akziodun izango direnen prestakuntzak funtsezko zeregina baitu familia-enpresaren jarraipenean.

Kimuatik prestakuntzarako, topaketarako eta esperientziak partekatzeko espazioen alde egiten jarraitzen dugu, gazteenek ezagutzak eskuratu eta familia-enpresetan izango duten zeregina modu kontziente eta arduratsuan hartzeko presta daitezen.

Eta dena teoria izango ez zenez, jardunaldia pintxopote batekin amaitu genuen: giro lasaiagoan hitz egiten jarraitzeko, esperientziak partekatzeko, beste familia-errealitate batzuk ezagutzeko eta antzeko erronkei aurre egiten dieten gazteen artean harreman berriak sortzeko aukera izan zen.

Kimuatik eskerrak eman nahi dizkiegu bereziki saioan parte hartu zuten gazte guztiei, erakutsitako inplikazioagatik, egindako galderengatik eta partekatzeko gogoagatik; baita Janet Sendagorta eta Lara Vettorazziri ere, beren esperientzia eta ezagutza modu praktiko eta hurbilean partekatzeagatik.

Belaunaldi berriei ikasteko, harremanak sortzeko eta familia-enpresen etorkizunean izango duten zeregina irizpidez eta arduraz hartzeko prestatzeko aukera emango dieten espazioak sustatzen jarraituko dugu.

Scroll to Top